Europako LIFE VERTALIM proiektuaren esparruan, EAEko arrainen kontserba-fabriken talde batek, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak, URA Uraren Euskal Agentziak eta AZTIk elkarrekin egingo dute lan, elikagaien sektoreko enpresa txiki eta ertainetako isurketek eragiten dituzten arazoak konpontzeko eta hiri-saneamenduko sistemara kontrolpean biltzeko. Uraren Euskal Agentziak (URA) diruz laguntzen du proiektua, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zuzentzen du; AZTI, berriz, koordinazio teknikoaz arduratzen da. Ceit-IK4 eta Aguirreoa, Guenaga, Heisa eta Marmar kontserba-enpresak ditu partaide proiektuak.
Lea-Artibai eskualdean egingo da proiektua egiaztatzeko proba, kontserba-industriaren sektoreko ordezkari ugari ikusle direla. Inpaktu handia eragiten dute enpresa horien isurketek Ondarroako Hondakin Uren Araztegian. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatzen du araztegia. Hain justu, atzo izan zuen taldeak lehen bilera hurrengo hilabeteetako lan-plana ezartzeko.
Arrain-kontserben sektoreko enpresen kolektore-isurketek eragiten dituzten arazoak murrizten ahaleginduko dira proiektuko bazkideak. Efluente horien ezaugarria da zama organiko handia, olioak, koipeak eta gatzak dituztela; hori dela eta, zaila da haiek behar bezala kudeatzea, eta funtzionamendu-arazoak eragiten dituzte araztegian. Izan ere, inguru jakin bateko enpresa guztiek aldi berean isurtzen badituzte hondakinak, eragotzi egiten dute araztegiko tratamendu biologikoa.
Proiektuaren xedea: elikagaien sektoreko enpresa txikien isurketek eragiten dituzten arazoen konpontze integrala, hiri-araztegi batean. Proiektuaren onurak, berriz, hauek dira:
Gutxitu egingo dira, jatorrian bertan, kontserba-enpresen isurketak, ekoizpen-teknika ekoeraginkorrak erabiliz. Hartara, gutxitu egingo da kolektorera isurtzen den hondakin-bolumena, bai eta haren kutsadura-karga ere.
Kolektore-sarearen eta araztegiaren modelizazioa egingo da, zenbait isurketa-egoeratarako baliagarri izan dadin.
Telekudeaketako sistema bat ezarriko da saneamendu-sarean, hiri- eta industria-isurketen kudeaketa adimenduna egiteko, urrutitik.
Inbertsio horri esker, areagotu egingo da enpresen eraginkortasuna eta produktibitatea, jaitsi egingo da ur-saneamenduko azpiegiturekiko presioa eta, horrenbestez, hobetu egingo da hirietako araztegien funtzionamendua. Elikagaien sektoreko enpresa txiki eta ertainetako hondakin-uren isurketak jatorrian bertan murritz daitezkeela erakutsiko du proiektuak, eta hiri-saneamenduko sarera bil daitezkeela, estolderia-sareari eta araztegiari kalterik eragin gabe. Arazo bera duten Europako beste eskualde batzuetarako eredu izango da, gainera.
Hona irtenbide teknologikoek ekar ditzaketen onuretako batzuk: kontserba-enpresek ingurumenera isurtzen duten hondakinen % 30 jatorrian bertan ezabatzea; % 10 gutxitzea elikagai-galera, eta % 1 igotzea enpresen produktibitatea; laburbilduz, kontserba-sektorea lehiakorragoa eta jasangarriagoa izatea.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, gainera, eskala industrialean baliozkotuko du denbora errealean kontrolatzeko sistema bat, zeinaren bidez hiri-araztegi batean gatz eta materia organikoen kargak optimizatuko baitira, ziurtatuz tratatutako efluenteak behar bezala isurtzen direla ingurune naturalera.
Proiektuaren funtsezko alderdietako bat dugu, bestalde, arazoarekin lotura duten eragile guztiak biltzea lortu duela: (kontserba-enpresak, ura kudeatzen duten erakundeak eta administrazioak). Arazoari konponbide integrala emateko aukera dakar horrek, baliabide mugatu baten, uraren, kudeaketa jasangarriaren bidez.
Nowadays articles like this that much-needed, short but the information is conveyed clearly. Do not forget to visit my website ..