• SEAwise proiektuaren esparruan, AZTI zentro teknologikoak gida bat egin du Europako populazioen nutrizio-behar espezifikoen, arrain-espezieen nutrizio-osaeraren eta bertan egon daitezkeen kutsatzaileen arabera arrain egokienak hautatzeko
  • Txosten osoa hemen aurki daiteke: https://doi.org/10.11583/DTU.24199245

2023ko urriaren 25a. Arraina elikagai-iturri garrantzitsua da, eta elikagai-aukera osasungarri gisa oso ezaguna da. Are gehiago, osasungintzako profesionalen arteko adostasun orokorra da gutxienez astean bi errazio arrain jan beharko genituzkeela, arrain urdin bat barne. Baina, gomendio orokor horretatik haratago, zer arrain jan beharko genuke? Europako SEAwise proiektuak arrainei eta itsaskiei buruzko gomendio pertsonalizatu bat egin du galdera horri erantzuteko. Helburua da Europako kontsumitzaileak asteroko erosketan gidatzea, beren osasun behar espezifikoak asetzen dituen elikagai-sorta egoki bat aukeratzen dutela ziurtatuz.

SEAWisek eraginkortasunez aplikatu nahi du Europako ekosistemetan oinarritutako arrantza-kudeaketa. Ikuspegi integral batetik, kudeaketa horrek arrantzaren onura sozialak onartzen ditu, hala nola pertsonei elikagai osasungarriak eskaintzea. Arrain eta itsaskien kontsumoa, omega 3 eta funtsezko mantenugai asko dituztenak, osasun kardiobaskular hobearekin, ongizate emozionalarekin eta minbizi-arrisku txikiagoarekin lotzen da.

Hala ere, Europan dauden eta kontsumitzen diren arrain- eta itsaski-aukera zabalak zaildu egiten du haien kontsumoari buruzko gomendio orokorrak ematea. Gainera, elikadura-behar espezifikoak aldatu egiten dira adinaren, haurdunaldiaren, elikadura-ohituren eta kokapen geografikoaren arabera, eta zenbait mantenugairen falta, iodoarena esaterako, ohikoagoa da herrialde batzuetan beste batzuetan baino, eta horrek eragina du espezie desberdinen osasun-onuretan.

Horri aurre egiteko eta Europako ekimen honen esparruan, AZTI zentro teknologikoko ikerketa-talde batek itsas elikagai osasungarrien SEAwise gida sortu du.

Mercedes Caro Doktorea AZTIko elikadura-gaietan aditua da, eta hauxe dio: “ikerketa honek erakusten du nola egokitu daitezkeen gomendioak, kontsumitzaileek beren osasun-beharretarako aukerarik onenak hautatzeko behar adina informazio izan dezaten, eta itsaskia erosten dutenean espezie desberdinak aukeratzeko konfiantza izan dezaten, bai Vigoko lonja batean, bai Londresko supermerkatu batean.”

guia_seleccion_pescado_seawise

SEAwise gida Europako populazioen nutrizio-beharrei, hainbat arrain-motaren nutrizio-osaerari eta bertan egon daitezkeen kutsatzaileei buruzko datuetan oinarritzen da.

Ikerketa-taldeak beste iturri batzuetatik erraz lortzen ez diren funtsezko mikronutrienteak aztertu ditu, hala nola iodoa, selenioa, D bitamina, B12 bitamina eta Omega-3 gantz-azidoak. Banakako nutrizio-beharren arabera sailkatu dute arrain-espezie desberdinen kontsumo-balioa. Gantz-arrain txikiak, hala nola berdela eta sardinak, zerrenda guztietan nabarmentzen dira, omega-3 maila oso altua baitute. Hala ere, barietatea funtsezkoa da nutrizio aldetik egokia eta iraunkorra izango dela bermatzeko ez ezik, kutsatzaileekiko esposizioa murrizteko ere. Taldeak iradoki du kontsumitzaileek astean 1-4 errazio arrain jatea, arrain koipetsua eta magroa txandakatuz. Erabat prozesatutako, gatz askorekin eta frijituta edo ogitan pasatutako  arrain-produktuen kontsumoa sahiestu egin behar da.

Europako kontsumitzaileei gomendio orokor bat emateaz gain, merkatuan eta supermerkatuan dauden arrain-espezieetan oinarritua, SEA wise lau kasu erregionaletan kontzentratzen da: Mediterraneo itsasoa, mendebaldeko urak, Ipar itsasoa eta Baltiko itsasoa. Eskualde-ikuspegi hori SEAwise-ren itsas elikagai osasungarrien gida babesten duen ikerketan aplikatu zen, eta eskualde horietan harrapatutako espezie komertzial nagusiak hartu zituen ardatz. Taldeak nazio-mailako datuak ere aztertu ditu, eta, horri esker, Europako herrialdeek indibidualki gehiago pertsonaliza ditzakete espezieak.

Ikerketa-taldeak ere ohar bat egin du: Itsaso Baltikoan harrapatutako arrainean kutsatzaile ugari dagoenez, kontsumitzaileek kutsatutako arrainaren kontsumoa gehienez ere astean behin mugatzea gomendatzen da, hala nola sardinzarena eta izokin basatia. Hala ere, freskoa, izoztua edo ontziratua izan, gidaliburuan jasotako itsaski-espezie guztiak aukera osasungarriak dira eta dieta anitz baten parte gisa har daitezke.

Txosten osoa hemen aurki daiteke: https://doi.org/10.11583/DTU.24199245

Azken berriak