Munduko atlas berria arrantza jardueraren jarraipena egiteko teknologia aurreratuari buruz
Azken berriak
AZTIk lehen aldiz markatu du marrazo muturluze bat Bizkaiko golkoan, hura kontserbatzen lagunduko duen proiektu baten esparruan
AZTIk Ingurumenaren Iraunkortasunaren eta Defentsaren Saria jaso du Ramón Rubial XVII. Sarietan
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
- Identifikazio Automatikoko Sistemak (AIS) dituzten arrantzontziak ehuneko 10-30 gehiago dira urtetik urtera.
2019ko azaroaren 19a, Erroma – Munduko atlas berri batek –bere generoko lehenengoak– Identifikazio Automatikoko Sistemen (AIS) aukerak eta erronkak aztertzen ditu mundu osoko arrantza jarduera kalkulatzeko.
AIS jarraipenerako teknologia bat da, nabigazioaren segurtasunerako diseinatua, ontzi baten kokapena, identitatea, norabidea eta abiadura jakitea ahalbidetzen duena. Ikasketa automatikoko algoritmoen bitartez, AIS informazioak ontziak itsasoan duen jarduera identifikatzeko aukera ematen digu.
AIS sistemaz hornitutako arrantzontzien kopurua %10-20 ari da hazten urtero, eta, horri esker, teknologia hori gero eta informatiboagoa da.
“AISk industri arrantzako milaka ontziren jarraipen zehatza ematen du, eta jarraipenaren datu zehatz horiei esker kalkuluak egin daitezke arantza jarduerari eta egiten ari den ahaleginari buruz, ia denbora errealean. Atlasak potentzial hori ebaluatzen du, eta erakusten du AIS teknologia baliagarria izan daitekeela arrantzaren inguruko adierazleak kalkulatzeko”, diote Atlasaren hitzaurrean FAO, Global Fishing Watch (GFW), AZTI eta Seychelles Fishing Authority erakundeen ordezkariek, eurak izanik egileak. Atlasa Arrantzaren Jasangarritasunari buruzko FAOren Nazioarteko Sinposiumean aurkeztu dute.
2018an, Global Fishing Watch-ek (GFW) mundu mailako arrantza operazioen lehen datu base bat argitaratu zuen, AISn oinarrituta. Datu multzo horrek 60.000 arrantzontziren jardueraren jarraipena egin zuen, eta mundu osoko arrantza analizatzeko erabili zen. Aitzitik, arrantza jardueraren jarraipena egiteko teknologia berri horren erabilera egiaztatu eta berrikusi egin behar da, arrantzaren kudeatzaileek eta arduradun politikoek guztiz ulertu dezaten bere indarguneak zein mugak.
AISn oinarritutako Arrantza Jardueraren Munduko Atlasak –400 orri ditu–, berrikuspen zehatz hori eskaintzen du.
GFWek bi urtez hartutako datuen analisiaren emaitza da, eskualdez eskualde, arrantzaren inguruko 80 espezialistaren ezagutzan, FAOren arrantza datuetan eta beste datu base zientifiko batzuetan oinarrituta. Atlasean, halaber, bi azterketa zehatz daude Bizkaiko Golkoko arrantzategi guztien eta Seychelleetako tunidoen arrantzategien inguruan ere.
Atlasak dioenez, eskualde batzuetan, esaterako Atlantikoan, AIS datuek 15 metro eslora baino gehiago duten ontzien arrantza jarduerari buruzko ikuspegi ia osoa eman dezakete, eta beste eskualde batzuetan, berriz, esaterako Indiako Ozeanoan, datu horiek arrantza jardueraren zati txiki bat baino ez dute erakusten. Horren arrazoia da, hein batean, erdialde zein hegoaldeko eskualde askotan artisau ontziak edo ontzi txikiak dabiltzala, baina baita ere ontzi handiagoek gutxiago erabiltze dutela AIS tresna, esaterako, Asiako hego-ekialdean. AIS datuen eta beste datu batzuen arteko desberdintasun nagusia Indiako Ozeanoko ekialdeko arrantza jarduerari dagokionean gertatzen da (57. zona).
Funtsezko aurkikuntzak
- AISk munduko arrantzontzi handi gehienen segimendua egin dezake (24 metrotik gorakoak), bereziki diru sarrera ertain edo altuak dituzten herrialde eta lurraldeetakoena, urruneko uretako flotena eta itsaso zabaleko ontziena.
- Arrantza jardueraren jarraipena egiteko, AIS datuek mugak ere badituzte. Munduko 2,8 milioi arrantzontzietatik gutxik erabiltzen dute AIS, eta, Ontzien Jarraipen Sistemarekin alderatuta (VMS), arrantzontziek errazago itzali dezakete euren AIS, edo identitatearen gaineko informazio okerra transmititu.
- AISren erabilera nabarmen aldatzen da arrantza gune batetik bestera. Europan, 15 metro baino gehiagoko ia ontzi guztiek dute AIS. Asiako hego-ekialdean, aldiz, oso gutxik dute AIS, eta igorpenen kalitatea eskasa da.
- AIS datuak mugatuak dira ontziek arrantza tresna bat baino gehiago erabiltzen badute, AZTIk Bizkaiko Golkoan egin duen analisian nabarmentzen denez.
- AIS mugatua arrantza jarduera mota batzuk diskriminatzeari dagokionez, arrantza tresna desberdinak konbinatzen dituzten eskala txikiko arrantzategietan.
- AISk arrantza koadernoek edo VMS bidezko ebaluazio ofizialek baino askoz azkarrago eman dezake arrantza jarduerari buruzko informazioa. Aitzitik, daitekeena da AISren zehaztasun maila (adibidez, arrantza tresnen kopurua, edo harrapatutako espezieena) ez izatea nahikoa beste erabilera batzuetarako.
- Tretzaontziak –presentzia handia dute mundu osoko itsaso zabaletan– dira AISn oinarritutako algoritmoek ondoen detektatzen dituzten ontziak. Halaber, AISk beste arrantza mota nagusi batzuk ere detektatzen ditu, hala nola inguraketakoak eta arrastekoak, baina horien garrantzia gutxiesteko joera du tretzaontziekin alderatuta. Hori berresten dute munduko harrapaketen datuek, zeinek adierazten baitute arrantza tresnen prebalentziaren hurrenkera dela arraste sareak, ingurasare zerradunak, tretzak, eta, azkenik, beste tresna desberdin batzuk, FAOko zonen arabera.
- AIS teknologia baliagarria izan daiteke arrantzaren esfortzua ia denbora errealean kalkulatzeko eta itsasoko planifikazio espaziala egiteko, betiere gizakiek egiaztatzen badute (zehaztapena aldakorra izan daitekeelako).
Oharra: eragile askorentzat, AIS legez kanpoko arrantzaren jarraipena egiteko erabil daitekeen teknologia bat da. FAOk azpimarratu nahi du AISren helburua, bere jatorrian, itsasoko segurtasuna dela –ontziek beste ontzi batzuen kokapena jakiteko–, VMS ez bezala, hori arrantza kontrolatzeko eta arauen betetze maila neurtzeko diseinatu baitzen.
FAOk ez du sustatzen teknologia bat diseinatu zenean zeukan helburura ez den beste bat zuzentzea, baina, aitortzen duenez, ongi analizatzen badira, AIS datuak legez kanpoko arrantza kalkulatzeko ere erabili litezke, egoera jakin batzuetan.