Lurrean geratzen den azken ekosistema birjina, ugari eta ezezaguna deszifratu eta babestea
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- AZTI ikerketa zentroa Europako Summer proiektua gidatzen ari da, arrain mesopelagikoei buruzko ezagutza sortzeko egitasmoa, gizakiak oraindik esplotatu ez duen azken baliabide bizi basatirik handiena izanik.
- Azterketak protokolo bat zarriko du arrain horien biomasa kalkulatzeko, baita horren erabilerak ekarriko lituzkeen aukerak eta arriskuak ere, jakiteko ea modu jasangarri batean esplotatu daitekeen.
- Proiektuak 2023ra arte iraungo du, 6,5 milioi euroko aurrekontua du, eta nazioarteko 22 ikerketa zentro eta enpresak parte hartzen dute.
Bilbo, 2019ko irailaren 25a. – Ikerketa eta teknologiaren aurrerapenak aukera eman du ozeanoari eta bertako baliabide naturalei buruz dugun ezagutza, hein batean, hobetzeko. Halere, oraindik bada esploratzeko ekosistemarik. Horietako bat mesopelagikoa da, 200-1000 metro sakon dagoen gunea. Egin berri diren ikerketa batzuek diotenez, inguru horretako biomasa 10.000 milioi tonakoa izan daiteke, gainera arrain guztiak batuta baino 10 aldiz gehiago, eta, ondorioz, gizakiak oraindik esplotatu ez duen azken baliabide bizidunik handiena eta azkena litzateke.
Aitzitik, zer espeziek osatzen dute komunitate hori? Zer aukera ematen ditu horren ustiapenak? Nola eragingo lieke beste organismo eta ekosistemei? Zer eragin izango luke klima aldaketaren gainean? Galdera horiei erantzuteko, AZTI ikerketa zentroa Summer proiektua koordinatzen ari da, komunitate mesopelagikoa hobetzeko ezagutzeko egitasmo baten barruan, baita horren esplotazioak dakartzan aukera eta arriskuak ezagutzeko ere.
Zehazki, proiektuak protokolo bat ezarriko du arrain mesopelagikoen biomasaren kalkuluen zehaztapena hobetzeko, eta eskaini ditzakeen zerbitzu ekosistemikoak kuantifikatuko ditu, hau da, organismo horietatik eratortzen diren edo erator daitezkeen onuren multzoa, esaterako, elikagai iturri moduan, edo kate trofikoan zein klima erregulatzen betetzen duten funtzioa.
“Proiektuaren esparruan, halaber, zehaztuko dugu nola laguntzen duten organismo horiek atmosferako karbono dioxidoa bahitzen, eta arrain mesopelagikoek arrain irinen eta elikagai prozesatuen industrian duten erabilera potentziala aztertuko dugu, baita farmaziako konposatu bioaktiboen eta nutrazeutikoen iturri moduan ere”, azaldu du AZTIko zuzendari zientifiko Xabier Irigoienek.
Helburuak lortzeko, proiektuak planteatu du komunitate mesopelagikoaren laginak hartzea, zeinak gaur egun maila trofiko handiko organismoentzako elikagaiak baitira, organismo horiek oso garrantzitsuak izaki ekonomikoki zein kulturalki, horien artean daudelarik txipiroia, hegaluzea, marrazoa, manta-arraia, ur sakoneko arrainak, zein itsas hegazti eta ugaztunak.
Helburua: kudeaketa iraunkorra
Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen azken txostenaren arabera, 2050erako, munduko populazioak 10.000 milioiko langa gaindituko du, eta gaur egun baino %70 elikagai gehiago beharko da. Ildo horretan, nabarmen daiteke gaur egungo arrain kontsumoa, dagoeneko, ustiapen iraunkorra batek jasan dezakeen gehieneko mailan dagoela; ondorioz, arrain mesopelagikoen biomasa potentzialak interesa piztu du bai akuikulturan, elikagai iturri moduan edo arrain irin moduan, bai farmaziako produktuetan zein nutrazeutikoetan.
“Baliabide hori modu iraunkorrean esplotatzeko, aurretiazko kalkulu egoki bat eduki behar dugu ugaritasunari buruz, eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemikoei buruz eta, horrenbestez, esplotazioari lotutako arriskuei buruz. Premiazkoa da hainbat funtsezko alderdiri buruzko ezezagutzari erantzutea, horien artean egonik zer espeziek osatzen duten biomasa hori, edo espazioan nola banatzen den”, adierazi du Irigoienek.
Gainera, organismo mesopelagikoek oraindik kuantifikatu gabe dagoen rol bat jokatzen dute CO2 bahitzeari dagokionez, eta, ondorioz, klima erregulatzeari dagokionez. “Beharbada, ustiapenak ekar ditzakeen onurak txikiagoak izan daitezke beste espezie batzuentzako elikagai moduan edo klima erregulatzeko elementu moduan gerta daitezkeen galerak baino. Ekosistema hori komertzialki ustiatu baino lehen, egiten dizkiguten bestelako zerbitzu guztiak ebaluatu behar ditugu”, baieztatu du adituak.
Proiektua aurten jarri da martxan, eta 2023ra arte iraungo du, Europako Horizon 2020 ikerketa programaren markoan. 6,5 milioi euroko aurrekontua du, eta nazioarteko 22 ikerketa zentro eta enpresak parte hartzen dute, hainbat herrialdetakoak: Espainia, Erresuma Batua, Portugal, Alemania, Norvegia, Frantzia, Turkia, Danimarka, Islandia eta Saudi Arabia. Proiektua irailean abiaraziko da, Bilbon, eta 70 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira.