Arrantzatzen denari buruz kalitatezko datuak izatea funtsezkoa da espezieen stockak kalkulatzeko eta, horrela, arrantza-kudeaketa iraunkorra egin ahal izateko.

Antzekoak izanik ere,  ezberdinak diren espezieak ongi identifikatzeko eta arrantzaleen harrapaketei buruzko informazio zehatzagoa lortzeko, AZTIko Arrantza Kudeaketa Jasangarriko saileko datu-taldeak zenbait infografia egin ditu, lonjan deskargatzen diren unean arrain-espezieak modu egokian bereizten laguntzeko.

Zehazki lau poster diseinatu dira; esparidoentzat bi (talde honetan sartzen diren espezieen artean bisigua, urraburua edo lamotea dauzkagu) eta triglidoentzat bat (hauen artean arraigorria, perloi beltza edo kukua daudelarik, besteak beste) eta krabarrokentzat beste bat (haitz kabra edota itsas kabra bezalakoekin).

Infografiaren diseinua NORARTEk egin du, AZTIko zientzialariekin estuki elkarlanean eta bibliografia espezializatua erabiliz. Bestalde, AKJ saileko datu-taldeak, portuetako lagintzaileen laguntzarekin, espezie bakoitzarentzat izendegi-zerrenda osatu du, Kantauriko kostaldeko herri edota eskualde desberdinetako lokalismoak kontuan hartuta, euskaraz zein gaztelaniaz.

Egileen esanetan, “ohiko identifikazio gidatatik urrundu nahi izan da, ikusgarriagoa izango den zerbait bilatuz; horrela, arrantzalearentzat gertukoa izango den infografia sorta diseinatu da, arrantzaleak eurak ariketa honen parte sentitu daitezen”. Horregatik, ilustrazioak protagonisten ikuspegitik eginda daude.

identificación de especies
Infografía dedicada a las especies de cabrarrocas

Infografiak lonjatako baskula eta etiketa-makinaren inguruan jarriko dira, arrantzaleek arrainak pisatzen eta identifikatzen ari direnean ikusgai izan ditzaten. Hasiera batean, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Pasaia eta Hondarribiako lonjetan zabalduko dira, baina irudiok interesatuta egon daitezkeen edo erabilgarri izan dakioken pertsona nahiz entitate guztiekin (patroiekin, kofradiekin, itsas-eskolekin…) partekatzeko asmoa dago.

Lau infografiak hemen eskura ditzakezu:

Ilustrazioa inprimatu nahi izanez gero, bereizmen handiko fitxategiak info@azti.es helbidera idatziz eska ditzakezu; era berean, informazio gehiago nahi izatekotan, datuak.arrantza@azti.es helbidera jo dezakezu.

Azken berriak