Arrantza, nahiz eta duela 40.000 urte baino lehenagokoa den, egokitzapenaren eta erresilientziaren adibide argia da. Hasierako landare-zuntzezko sareetatik eta hezurretan zizelkatutako amuetatik gaur egungo teknologia sofistikatuetaraino, arrantza gizakiaren asmamenaren eta berritzeko beharraren isla izan da.

GORKA GABIÑA, AINHOA CABALLERO, ELSA CUENDE eta IÑAKI QUINCOCES, irkertzaileak Arrantzarako teknologia jasangarrietan

Gaur egun, aurrerapen teknologikoen aplikazioa funtsezkoa da arrantza-ontzietan, bai Bizkaiko portuetako ontzi tradizionaletan (Zierbenatik Ondarroaraino), bai ur urrunagoetan ibiltzen diren Bermeoko atunontzi izozkailu sofistikatuetan. Eraldaketa teknologiko edo “iraultza teknologiko” hori ez datza azken belaunaldiko ontziak eraikitzean bakarrik, eraginkortasun operatiboa hobetzen duten eta arrantza jasangarria sustatzen duten soluzio digitalak ere ezartzen dira.

Arrantza efizienteagoa lortzeko datuak

Arrantza-ontzietan hainbat aldagai neurtzeko gaitasuna oso garrantzitsua eta beharrezkoa da. Informazio hori prozesatzeak eta hainbat ingurunetako datuekin integratzeak (aldagai ozeanografikoak eta meteorologikoak, adibidez) arrantzarekin lotutako fenomenoak hobeto ulertzea ahalbidetzen dute, eta, ondorioz, arrantza-ontzi bateko hainbat operatiboren optimizazioa errazten dute. Datu-multzo horiei aplikatutako ikaskuntzaereduei esker, sistemek etengabe ikas eta hobe dezakete datu horien interpretazioa, arrantzaeraginkortasuna are gehiago indartzeko. Hala, adimen artifiziala funtsezko aliatua da arrantzaprozesuak ebaluatzeko eta haien jarraipena egiteko.

Hainbat aplikazio existitzen dira ontzietan biltzen diren datu kantitate handi horiek prozesatzeko, ikasketamodeloak entrenatzeko helburuarekin. Horien adibide dira arrantzatzeko aparailuen hobekuntza, ontziaren segurtasuna eta erosotasuna, efizientzia energetikoa, nahi diren arrantza-eremuen iragarpenaren bidezko erabakiak, nahi ez diren edo babesturik dauden espezieen monitorizazioa eta horiek saihesteko operatiboak, etab. Horren beste adibide bat da ontzian egiten diren harrapaketen kontrola eta jarraipena, ikusmen artifizialaren bidezko monitorizazio elektronikoko sistemen bidez. Hala ere, ikaskuntzaeredu horien garapena hasi berri dago, gaur egun oso datu gutxi biltzen baitira. Ontziko datuen beste erabilera potentzial bat hainbat ingurunetako parametro ugari aztertzea da (harrapaketak, kontsumoak, ingurumenaldagaiak, etab.), arrantza-eremu egokiak aurreikusteko ereduak garatzeko. Zenbat eta datu gehiagorekin
entrenatu, orduan eta zehatzagoak dira eredu horiek, eta, beraz, iragarpen fidagarriagoak egiten dituzte ontzian erabakiak hartzeko.

Bestalde, populazioak denbora errealean detektatzeko eta identifikatzeko sistema adimendunek funtsezko informazioa ematen dute ikerketa-zentroek beren azterketetan aurrera egin dezaten eta autoritateek itsas ekosistemari nahiz tokiko ekonomiari mesede egingo dieten arrantza-kuotak ezar ditzaten.

Ilustrazioa: Sara Betula

Taknologia gehiago eta baliabide kontsumo gutxiago

Klima-aldaketaren egungo paradigma kontuan izanik, beharrezkoa da helburuak ezartzea klima-aldaketa arintzen eta horretara egokitzen laguntzeko. Klimaneutraltasuna arrantza-jardueran ere aplikatzen den faktorea da. Teknologiak eta, batez ere, monitorizaziosistema digitalak garatzeak, zeinak modu automatikoan ezaugarritzen baitituzte ontzien eragiketa- eta erregaikontsumo-ereduak, deskarbonizazio-estrategiak garatzen laguntzen dute, energia-eraginkortasuna hobetuz edo soluzio berritzaileak bilatuz, hala nola erregai berriak eta propultsio-sistema alternatiboak.

Bestalde, arrantza-jardueran sortutako hondakinkantitatea murrizteko ekonomia zirkularreko estrategien aplikazioa gorantz doa, eta beharrezkoa izango da hurrengo urteotan horri heltzea. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, materialak berrerabiltzea eta birziklatzea, arrantza jasangarriko praktikak ezartzea eta ondakinak murriztea prozesatze- eta kontserbazio-teknologia aurreratuen bidez. Gainera, gobernuen, industrien eta arrantza-komunitateen arteko lankidetza funtsezkoa izango da arrantzasektorearen iraunkortasuna eta erresilientzia ingurumen-erronken aurrean sustatuko duten politikak eta praktikak garatzeko.

Harrapaketa selektiboagoak ustiapem arduratsu eta jasangarrirako

Arrantzak itsas biodibertsitatean duen eragina murriztea beharrezkoa da itsas ekosistemen orekari eta babesari eusteko. Arrantza-aparailuen hautatzeahalmena hobetzea, hau da, merkataritza-balioa duten beharrezko espezieak soilik harrapatzeko ahalmena hobetzea eta interesik ez dutenak saihestea da Arrantza olitika Bateratuan ezarritako araudira egokitzeko gakoa.

Hautatze-ahalmenaren hobekuntza arrantza-aparailuen birdiseinuan eta, animalien morfologia, portaera eta/edo fisiologia kontuan hartuta, desiratutako espezieak eta indibiduoak harrapatzeko eta arrantza-toki horren helburua ez diren aleen ihesa bultzatzeko aukera ematen duten hautespen-gailuen erabileran inarritzen da. Diseinu horien eraginkortasunaren ebaluazioa ozeanografia- eta arrantza-ontzietan egindako kanpaina esperimentaletan egiaztatzen da; kanpaina horietan, harrapaketak zehaztasunez karakterizatzen eta aztertzen dira, estatistika-ereduak aplikatuz. Horrez gain, harrapatutako espezie eta banakoen elkarrekintza behatzeko eta aztertzeko arrantza-aparailuetan urpeko kamerak instalatuz gero, argi ikus daiteke ezarritako hautespen-neurrien eraginkortasuna.

Bestalde, espezie babestuen edo kalteberen (zetazeoak, hegaztiak edo marrazoak) harrapaketak murriztea nahitaez bete beharreko funtsezko helburua da. Hala ere, datuen eskuragarritasuna mugatua da, horiek modu intzidentalean atzemateari dagokionez. Hori dela eta, urruneko monitorizazio-sistemak erabiltzea zeharo garrantzitsua da gure ezagutza hobetzeko eta prebentzio- eta/edo arintze-neurriak zehaztasunez ezartzeko. Hori funtsezkoa da, daturik ez dagoelako eta ustekabeko harrapaketa-arazo bati aurre egin behar zaiolako, neurri orokorrak aplika ez daitezen, arrantza-toki bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu gabe.

Monitorizazio elektronikoko sistemek, gainera, informazio garrantzitsua eman dezakete espezie babestuak edo kalteberak atzematea eragozteko edo uxatzeko sistemen eraginkortasunari buruz. Adibidez, pinger-ak (zenbait espezie —hala nola izurdeak— uxatzen dituzten itsasontzietan instalatutako sistema akustikoak). Sistema horien eraginkortasuna ebaluatu eta frogatu da arrantza-toki jakin batzuetan, sistema horien bidez egiten den arrantza-jardueraren jarraipen zehatzaren bidez. Datu horiek funtsezkoak dira arrantza-jardueren jasangarritasuna eta itsasoko biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko.

Etorkizun jasangarri bat lortzeko lankidetza

Arrantza-jardueraren jasangarritasuna, baliabideen gehiegizko ustiapena eta klima-aldaketaren erronkei aurre egin ahala, funtsezkoa da arrantza-jarduketak optimizatuko dituzten eta praktika jasangarriagoak sustatuko dituzten tresna aurreratuak izatea. Etorkizunerako bidaia horretan, tradizioa eta teknologia uztartzea eta sektorearen eta zientziaren arteko lankidetza funtsezkoak izango dira gure urek emankorrak eta osasungarriak izaten jarrai dezaten hurrengo belaunaldientzat.

Artikulu hau BizkaiaTech aldizkariaren 10. alean publikatu izan da lehen aldiz.

Azken berriak