Bizkarreko lesioei aurre egiteko tresna berriak artisau gaztandegietan
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- AZTIk, Artzai Gazta Elkarteak eta Ardi enpresa espezializatuak bultzatutako Osartzain proiektuak prototipo mekaniko batzuk garatu ditu, artisau gazta egiteko, gatzatua kupelaren hondotik manipulatzeko, lesioak sufritzeko arriskua murrizteko.
- Ekimenaren xedea da artisau langileen bizi kalitatea hobetzea, eta Euskadiko gazta sektore tradizionalaren iraunkortasuna bermatzen laguntzen du.
- Proiektuaren osagarri moduan, prestakuntza eta sentsibilizazio ikastaroak eta bideotutorialak antolatu dira, ergonomiaren garrantziaren inguruan, fisioterapeuta baten eskutik.
(Derio, 2020ko ekainaren 2a). Euskal artisau gaztandegiek –gaur egun 107 ekoizle dira Artzai Gazta Elkartean, kalitate handiko gaztak egiten dituzte, munduko lehiaketarik garrantzitsuenetan ezagutzen direnak, esaterako, World Cheese Awards sarietan. Aitzitik, artisauen kolektiboak egunerokoan aldamenean duen etsai isil bati egin behar izaten dio aurre: produktua prestatzeko prozesu batzuek eragiten dituzten bizkarreko minak eta lesioak.
Horrelako kalteak arazo globala diren arren, horien eragina nabarmen areagotzen da euskal nekazaritza eta abeltzaintza sektorean. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Bulegoaren arabera, bizkarreko eta muskuluetako minek Europar Batasuneko langileen %25i eragiten diete, gutxi gorabehera. Gaitz horiei Laneko Jatorriko Nahasmendu Muskuloeskeletiko esaten zaie, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki ohikoak dira Lehen Sektorean eta Nekazaritzako Elikagaien Sektorean; horregatik, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Institutuak urteak daramatza kontzientziazio eta prebentzio lan bizia egitean.
Egoera onbideratzeko asmoz, AZTI zentro teknologikoak, Artzai Gazta Elkartearekin (artzain gaztagin gehienak elkartzen ditu) eta ekipamenduak fabrikatzen dituen Ardi enpresarekin batera, Osartzain proiektuan parte hartu du, bi prototipo mekaniko garatzeko, helburua izanik artisau gazta egiteko garaian lan baldintza ergonomikoagoak edukitzea eta, ondorioz, EAEko artisau gaztaren sektorearen iraunkortasuna sustatzea.
Sektoreko langileek sufritzen dituzten arrisku ergonomikoen kausa nagusietako bat da gaztandegietako bertako ekipamenduen, tresnen eta lanpostuen diseinua, eta, zehazki, molestia horietako batzuk eragiten dituen zereginetako bat da kupelen hondotik gatzatua zatitzeko eta ateratzeko lana. Artisau gaztandegi gehienek, ustiategi txikiak direnez, ez dute behar besteko leku edo baliabiderik makineria erosteko gatzatuaren kupela igotzeko eta produktua ponpa edo grabitate bidez manipulatzeko, eta, horregatik, zeregin hori eskuz egin beharra izaten dute. Gatzatu puska bakoitzaren pisua oso handia ez den arren -1,5 kg inguru–, atera behar duten pertsonek postura behartu bat hartu behar izaten dute, bizkar, lepo eta sorbaldei eragiten diena, eta, denboraren poderioz, lesioak agertzen dira, horien artean disko protrusioak, herniak, etab.
Artzai Gazta Elkarteak gidatu duen proiektuaren esparruan, abiapuntua izan da lehenago KUPELA proiektuaren barruan garatu zen prototipo mekanikoa, Osalanen bultzatuta. Horretan oinarrituta, eboluzionatu eta bi prototipo berri garatu dira, prestazio osagarriekin, izan ere, gatzatua zatitu aurreko sistema bat dauka (nahi den tamainaren arabera eta kupela desberdinetara egokitua) Ebakitzeko eskuzko tresna berriak ere identifikatu dira, karga fisikoa arintzeko eta, ondorioz, gatzatua manipulatzeko zereginetako lesioak murrizteko.
Teknologia horri buruz egindako ebaluazio ergonomikoek murrizketa nabarmena erregistratu dute lesioak sufritzeko arriskuaren mailan artisau langileek gatzatua ateratzeko sistema horiek erabiltzen dituztenean, eta horrek eragingo du, halaber, gerrialdeko eta goiko adarretako lesioak eta molestiak murriztea.
Sentsibilizatzearen garrantzia
Proiektua osatzeko, bi prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldi egin dira gazta egiteko prozesuan praktika ergonomiko onak barneratzearen garrantziari buruz. Gainera, hainbat bideotutorial garatu dira, fisioterapeuta baten azalpenekin, zeregin horiei lotutako arriskuei eta horiek saihesteko eta aurre egiteko moduari buruz, ariketa erraz batzuen bitartez.
Ekimena Europako Landa Garapeneko Nekazaritza Funtsak finantzatu du (FEADER), Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
Osartzain proiektuaren jatorrian, Lehen Sektorean lehenago NEKAPREBEN eta ELIKAPREBEN plan sektorialen barruan egindako azterketak daude, eta 2019-2025 Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektorialaren barruan, EUSKADIPREBEN, kokatzen da. Estrategi horrek prebentzioaren kultura sustatu nahi du sektorean, eta langileen gaitasuna eta prestakuntza, lan ingurune seguruak, osasungarriak eta jasangarriak lortzeko, segurtasunaren eta osasunaren inguruko buruzko berrikuntza teknologikoaren bitartez.