Bizkaiko golkoko antxoaren stockak bigarren emaitza historikorik onena lortu du
Azken berriak
AZTIk lehen aldiz markatu du marrazo muturluze bat Bizkaiko golkoan, hura kontserbatzen lagunduko duen proiektu baten esparruan
AZTIk Ingurumenaren Iraunkortasunaren eta Defentsaren Saria jaso du Ramón Rubial XVII. Sarietan
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
- Antxoa populazioa ebaluatzeko egindako Bioman kanpainaren emaitzek stockaren egoera ona berresten dute, 190.000 tona inguruko biomasa baitago
- Ikerketa urtero egiten du AZTIk, eta horri esker itsas baliabide horren ugaritasuna aurreikus daiteke, horixe baita euskal arrantza sektorearen zutabe nagusietako bat
Pasaia, 2019ko uztailaren 6a. – Bizkaiko golkoko antxoaren behin-behineko biomasa 190.000 tona ingurukoa da aurten; hots, 1987an hasitako segida historikoko bigarren zenbatekorik handiena, Bioman kanpainak emandako emaitzen arabera. AZTI teknologia zentroak bultzatu du ekimena, urtero ebaluatzen baitu antxoa helduaren populazioak duen egoera, eta emaitzen arabera, stocka egoera onean dago, 21.000 tonatik, espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendagarria den gutxieneko baliotik, oso gora baitago.
Bioman kanpaina zientifikoaren helburua da antxoa helduaren ugaritasuna eta banaketa aurreikustea, espeziearen kudeaketa iraunkorra egiteko, horrek bermatuko baitu antxoak bizirik iraungo duela. Finean, antxoa da euskal arrantza sektoreko eta kantauriar kostalde osoko ekonomiaren zutabeetako bat. Iaz lortu zituen ekimenak daturik onenak. Aurten, udaberrian egin da, eguneko arraba ekoizpenaren metodoa aplikatuz (MPHD), eta hainbat azterketa eta laginketa eginez Bizkaiko golkoan, horixe baita antxoa ugaltzeko esparrua.
“Plankton laginak hartu ondoren, horietatik antxoen arrabak atera ditugu; aldi berean, antxoa helduaren laginketa egin dugu, batez besteko ugalkortasuna kalkulatzeko, hots, eme bakoitzak batez bestean sortzen duen arraba kopurua kalkulatzeko”, azaldu du Maria Santosek, AZTIko Bioman kanpainaren arduradunak.
Planktonean aurkitutako arraba kopuruaren eta emeen batez besteko ugalkortasunaren arteko harremanari erreparatuta, AZTIko adituek itsas baliabide horren biomasa kalkula dezakete.
Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute, Arrantzategi Laginen Europako Erregulazioaren baitan (Datuak Biltzeko Europako Esparrua), eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza dauka.
Índice de contenidos
Gakoa, nazioarteko erabakietarako
Azterlan hau udazkenean AZTIk egingo duen beste kanpaina batekin osatuko da: Juvena. Kanpaina horretan, ikertzaileek antxoa gazteen ugaritasuna eta espazio banaketa aztertuko dituzte, bai eta horien biziraupenari eragiten dioten ingurumen faktoreak eta egoera ere.
AZTIn nabarmentzen dutenez, bi kanpaina horiek (Bioman eta Juvena) oinarrizko zutabeak dira antxoaren nazioarteko ebaluazioa egiteko; zehazki, Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluan (ICES) egiten dena. “Lortutako emaitzak kontuan hartuko dira antxoaren stockaren amaierako kalkulua egiteko eta Europar Batasunak ebaluazioaren hurrengo urterako ezarriko duen Urteko Harrapaketa Kopurua zehazteko”.
Nolanahi ere den, antxoaren biomasaren behin betiko aurreikuspena Bioman eta Juvena kanpainen azterketa bateratutik etorriko da, eta horri Itsas Ustiapeneko Frantziako Ikerketa Institutuak (IFREMER) egindako Pelgas kanpaina eta flotak egindako harrapaketak gehitu beharko zaizkio.
Amaierako azterketa hori azaroan egingo du ICES WGHANSAko antxoa, sardina eta txitxarroaren lantaldeak.
AZTIri buruz
AZTI ikerketa zentroa espezialista da elikagaien eta itsas-arrantzaren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.
AZTIren helburua Zientzia Garapen Jasangarri eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.
Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, AZTIk arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.