Doitasunezko nutrizioa eta dieta pertsonalizatua
Doitasunezko nutrizioa, produktuak berritzeko. Dieta pertsonalizatua izateko irtenbideak.
Doitasunezko nutrizioa lantzen dugu; alegia, elikagaiak banakoaren premia espezifikoetara egokitzea, produktu osasungarri ugari sortzeko eta berritzeko. Horrekin lotuta, zelula mintzen lipidomika aplikatzen dugu (punta-puntako odol analitika, gorputzak zuzen funtzionatu dezan behar dituen mantenugaiak eta proportzioak zein diren esaten diguna), populazio taldeen nutrizio eskakizun espezifikoak zehazteko. Ospitaleekin lankidetzan dihardugu, nutrizioarekin lotutako azterketa klinikoak gauzatzeko.
Hainbat populazio talderen profil molekularrei (mintzen lipidomika), mikrobiota profilari, profil sentsorialei, lehentasunezkoei eta psiko-soziologikoei buruzko informazioa biltzen duen datu base bat daukagu. Big Dataren bitartez, AZTIn gai gara kontsumitzailearen segmentazio berria gauzatzeko, populazio profil berriak sortuta.
Gainera, AZTIko diziplina arteko talde bat produktu berrietan ari da lanean, kontsumitzaileari dieta pertsonalizatzeko baliagarriak izango zaizkionak. Gure garapenean, kontuan hartzen ditugu behar organoleptikoak, nutrizionalak eta osasun premia espezifikoak dituzten pertsonak, euren adinaren (seniorrak, haurrak…), baldintza espezifikoen (atletak, haurdunak…) edo gaixotasunen arabera (diabetesa dutenak, alergia dutenak, intoleranteak, arrisku kardiobaskularreko faktoreak dituztenak, minbiziak jotakoak, narriadura kognitiboa dutenak, Alzheimerra dutenak…).
Era berean, soluzio digitalak garatzen ditugu (mugikorreko aplikazioak, adibidez), kasu askotan pertsonalizatuak eta beti ebidentzia zientifikoetan oinarrituak. Soluzio horiek oso erabilgarriak izan daitezke pertsonak gidatzeko ohitura osasungarriagoak eta beren beharretara egokituagoak hartzeko orduan.