Antxoaren biomasa gazteak maximo historikoa erregistratu du Bizkaiko Golkoan
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- Kalkulatu da 725.000 tonako biomasa dagoela, eta 2003an hasitako serie tenporalaren handiena da, 2014ko mailak pixka bat gaindituta.
- Antxoaren batez besteko neurria sei zentimetro eta erdi luze da eta biomasa gehiena plataforma kontinentaletik kanpo aurkitu da.
- Kudeaketa globaleko estrategia sendo bat sortu da, eta horrek lagundu du Bizkaiko Golkoko uretan arrantzu arduratsua eta iraunkorra izaten, eta etorkizuneko belaunaldientzako itsas baliabideak zaintzen.
(Bilbo, 2017ko azaroaren 30ean) JUVENA 2017 kanpaina zientifikoak 725.000 tonako antxoa biomasa gaztea kalkulatu du Bizkaiko Golkoko uretan, hau da, orain arteko serieko baliorik handiena (2003-2017). Kantitate hori AZTIko ikertzaileek kanpainaren azken 32 egunetan lortutako datuetatik egin dituzten azterketetatik ondorioztatzen da; azterketa gehienak irailean egin dira, “Emma Bardan” eta “Ramon Margalef” ontzi ozeanografikoetan, zeinak Arrantza Idazkaritza Nagusiko eta IEOko flotetakoak diren, hurrenez hurren. Kalkulua 2014koa baino pixka bat handiagoa da, urte hartan 724.000 tonatan aurreikusi baitzen, eta datorren urterako erreklutamendu altua iragartzen du eta baliabidearen egoera ona berresten du, XXI. mendearen hasieran itxiera eragin zuen kolapsoaren ondoren suspertuta.
JUVENA 2017 kanpainaren helburua da antxoa gazteen kopurua eta banaketa espaziala zehaztea, bere egoera aztertzea eta biziraupenean eragin dezaketen faktoreak analizatzea, hori guztia hurrengo urtean heldutasunera iritsiko den biomasaren kantitatea iragartzeko.Antxoa gazteen kantitatea erreklutamenduaren indize moduan erabiltzen da, antxoa kudeatzeko sistemaren ebaluazio ereduan.“Kanpainaren garrantziaren muinean dago soilik kudeaketa jasangarri baten bitartez bermatu ahal izango dela espeziearen biziraupena eta arrantzu honek sortzen duen jarduera ekonomikoaren etorkizuna”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako sailburuorde Bittor Orozek.Azpimarratu duenez, “Soilik Euskadin, 3.500 lagun baino gehiago enplegatzen ditu, bai arrantza sektorean bai kontserba eta elikagaien industrian”.
AZTIko zuzendari Rogelio Pozoren hitzetan, “datu horiek 30 urte baino gehiagotan zientzialariek, administrazioek eta arrantzaleek egindako elkarlanaren emaitza dira”, eta horrek, segurtatu duenez, “ahalbidetu du kudeaketa globaleko estrategia sendo bat sortzea, Bizkaiko Golkoko uretan arrantza arduratsua eta jasangarria izaten laguntzeko, eta etorkizuneko belaunaldientzat itsasoko baliabideak mantentzeko”.
AZTIk gidatu du kanpaina, Eusko Jaurlaritzak, Europar Batasunak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Espainiako Ozeanografi Institutuak (IEO) finantzatuta, eta jasotako datuei esker gomendioak egin dakizkieke arrantza agintaritzei hurrengo denboraldirako antxoaren Urteko Harrapaketa Kopuruari dagokionez (TAC). JUVENA 2017 kanpainak eman duen aurreikuspenak antxoaren erreklutamendu handia aurreikusten du, zeinean arrain kopurua zuhurtziazko biomasaren gainetik egongo den.Datu horiek aldeko jokalekua uzten digute 2018ko antxoaren arrantzaldirako, eta, ondorioz, espero da TACa aurtengo balioaren pare kokatuko dela (33.000 tona).
Teknika akustikoak eta arrantzakoak uztartuta
Antxoa gaztearen kopuruaren kalkulua zein kokapena teknika akustikoak eta arrantzakoak erabiliz lortze da. Ultrasoinuak emititzen dira uretara, 400 metroko sakoneraraino.Oihartzunaren magnitudeak kopuru erlatiboa ematen du, eta bidean egindako harrapaketek espezie pelagikoen banaketa zehaztea ahalbidetzen dute, baina horien egoera biologikoa ere.Antxoa gaztea batez ere plataforma kontinentaletik kanpo aurkitu da, eta gazteen batez besteko neurria sei zentimetro eta erdi da.
JUVENA antxoa gazteen kanpaina osatzeko Bioman kanpaina egiten, hori ere AZTIk egina. Biomanen bitartez, Bizkaiko Golkoan antxoaren biomasa ugaltzailea kalkulatzen da, egunean ekoizten diren arrautzen metodoaren bitartez.Stockaren egoeraren amaierako ebaluazioa Itsasoaren Nazioarteko Kontseiluak egingo du (ICES/CIEM).AZTIko zientzialariek foro horretan parte hartuko dute, eta beraien ekarpenak kontuan hartuko dituzte antxoaren stockaren amaierako kalkulua egiteko eta Europar Batasunak 2018ko kanpainarako ezarriko duen Urteko Harrapaketa Kopurua zehazteko.
Portaera azterketak eta ekologia
Antxoa gaztearen kopurua ebaluatzeaz gain, AZTIren kanpainak itsas ekosistemaren datuak jasotzen ditu, oro har, ekosistema horri eragiten dioten prozesuak ulertzeko. Azken urteetan bereziki, AZTIko ikertzaileek Bizkaiko Golkoko itsas harrapari handien banaketa espaziala ebaluatu dute.Horretarako, itsas hegazti eta ugaztunen banaketa eta kopurua aztertu dute, dauden espezieei buruzko informazioa jaso dute, eta bidean bistaratutako indibiduoen kopurua eta portaera analizatu dute.
Itsas ugaztunei dagokienez, zortzi espezie desberdin hauteman dira, eta izurde arruntaren kopurua nabarmentzen da, atzetik dituela zere arrunta eta izurde handia.
Itsas hegaztiei dagokienez, berriz, banaketa eta kopurua aztertu dira, eta 33 espezie desberdin hauteman dira.Nabarmentzekoa da zanga, atzetik dituela gabai handia, marikoi handia eta gabai iluna.