• Galizian zehaztasun handiz landatutako muskuiluen jatorri geografikoa beste jatorri batzuetatik bereizteko balioko du. Mediterraneoko muskuilu espeziearen (Mytilus galloprovincialis) osaera genetikoarekin garatu da, eta markatzaile genetiko espezifikoak identifikatu ditu. Ekoizle eta ikertzaile adituei tresna genomiko indartsu bat eskaintzen die, espezie honen ezaugarri genetiko konplexuak identifikatu, baliozkotu eta ebaluatzeko.
  • Emaitzak lagungarriak izan daitezke espezie horiek modu jasangarrian ustiatzeko, merkataritza-iruzurra saihesteko eta trazabilitatea bermatzeko.
  • Proiektua Europar Batasuneko Espazio Atlantikoko Interreg programak finantzatzen du. 2018an hasi zen eta sei herrialdetako 19 bazkidek hartzen dute parte.

Derio, 2023ko ekainaren 27a– Muskuiluen munduko akuikultura-ekoizpena 2,11milioi tonara iritsi zen 2018an, eta 4.519 milioi dolar inguruko balioa izan zuen, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) 2020an argitaratutako datuen arabera. Europar Batasunean, molusku horiek akuikulturako ekoizpen osoaren %34 dira. Galizia da Espainiako laborantzaren %97 baino gehiagoren arduraduna, eta EBko herrialdeen artean espezie nagusietako baten ekoizle nagusia da, Mytilus galloprovincialis espeziearena, Galiziako edo Mediterraneoko muskuilu gisa ere ezagutzen dena.

Jatorria eta trazabilitatea bermatzea bereziki garrantzitsua da muskuiluen kasuan, nazioarteko merkataritzan duten garrantziagatik eta ekoizpen-lekuen eta kontsumo-lekuen arteko distantzia luzeengatik.

SEATRACES proiektu europarraren esparruan, CSICek gidatuta, eta muskuiluaren identifikazio geografikoa hobetzeko, haren kudeaketa hobetzeko eta elikadura-iruzurrak saihesteko helburuarekin, AZTI zentro teknologikoak jatorri geografiko desberdinetako muskuiluen berrehun lagin baino gehiago aztertu dituen ikerketa genetiko bat gidatu du.

Guztira, sekuentziazio eta analisi genetikoko tekniken bidez, ikertzaileek 17 markatzaile espezifiko identifikatu zituzten, muskuiluen jatorri geografikoa zehaztasun handiz bereizteko.

Markatzaile horietatik abiatuta, AZTIko ikertzaileek Santiagoko Unibertsitatearekin (USC) lankidetzan jardun dute Mytilus galloprovincialis muskuilu mediterraneoaren konposizio genetikoa jasotzen duen txip genetikoa garatzeko. Espezie horretan konplexuak diren ezaugarri genetikoak identifikatzeko, baliozkotzeko eta ebaluatzeko aukera ematen duen tresna genomiko indartsua eskaintzen die ekoizle eta ikertzaile adituei.

Emaitzak garrantzitsuak dira hazitako muskuiluen populazioen dinamika genetikoa ulertzeko eta akuikulturan maneiatzeko eta hautatzeko praktiken eraginkortasuna ebaluatzeko. Halaber, garrantzi ekonomiko eta ekologikoa duen espezie horren kontserbazio eta hobekuntza genetikoko estrategiak garatzeko informazio baliotsua ematen dute. «Espezie honen jatorri geografikoa arakatzea funtsezkoa da inbasioa arintzeko eta bertako espezieen ustiapen iraunkorra babesteko maneiu-estrategiak garatu eta ezartzeko», azaldu du Ane del Riok, elikagaien osotasunean aditua den AZTIko ikertzaileak.

autenticidad_mejillon_gallego

Konfiantza handitzea

Muskuiluen jatorri geografikoa zehaztasunez identifikatzeko gaitasunak, akuikulturaren eta arrantza-tokien kudeaketa iraunkorrerako garrantzi handia izateaz gain, ondorioak ditu ekoizleentzat, elikagai-agintarientzat eta kontsumitzaileentzat.

“Ekoizleek markatzaile genetiko horiek erabil ditzakete beren produktuen jatorria ziurtatzeko eta kontsumitzailearen konfiantza sustatzeko. Bestalde, elikagaien arloko agintariek informazio hori erabil dezakete elikagaien trazabilitateari eta segurtasunari buruzko araudiak betetzen direla bermatzeko” dio Ane del Riok

SEATRACES EBko Interreg Espazio Atlantikoa programa europarrak finantzatzen du, eta Galiziatik Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak koordinatzen du, Itsas Ikerketen Institutuko Elikagaien Biokimika taldearen bitartez. Ikerketa hau AZTIk gidatu du eta Santiagoko Unibertsitateak (USC) parte hartu du.

Azken berriak