JUVENA kanpainak 208.000 tonatan kokatu du antxoa gazteen populazioa aurten
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- 2021eko biomasaren zenbatespena AZTI zentro teknologikoak urtero gidatzen duen azterketaren serie historikoaren batezbestekoaren azpitik dago.
- Lortutako datuek 2022ko arrantza kanpainarako erreklutamendu ertaina bermatzen dute.
- Eusko Jaurlaritzak, ekimen honen bultzatzaileak, positiboki baloratzen ditu antxoa gazteek gure kostaldean duen osasun ona duela berresten duten datuak.
- Eusko Jaurlaritzaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren finantzaketarekin, JUVENAren hemeretzigarren edizioak Espainiako Ozeanografia Institutuaren (IEO) laguntza ere izan du. 208.000 tonatan ipintzen da aurtengo antxoa gazteen populazioa
Pasaia, 2021eko azaroaren 29a.- Bizkaiko golkoko antxoa gazteen egungo populazioa 208.000 tonakoa da, urtero AZTI zentro teknologikoak gidatzen duen JUVENA azterketaren datuen arabera. Zifrak espezie horren batez besteko erreklutamendua bermatzen du 2022ko arrantza kanpainarako, serie historikoaren batezbestekoaren azpitik egon arren.
Aurten lortutako datuak 2020ko emaitzen azpitik daude, urte horretan 230.000 tonara iritsi baitzen aztertutako biomasa.
“Aurtengo biomasaren zenbatespena ugaritasun ertainekoa da. Serie historikoaren batezbestekoaren pixka bat azpitik dago, eta lortutako emaitzek batez besteko erreklutamendu maila aurreikusten dute datorren urterako”, azaldu du Guillermo Boyra AZTIko ikertzaile eta kanpaina ozeanografikoaren arduradunak.
Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde eta AZTIko presidenteak adierazi duenez, “antxoa gazteek gure kostaldean duen osasun ona berresten duten datuak dira, Euskadiko arrantzaleei antxoaren arrantzarekin modu iraunkorrean jarraitzeko aukera ematen baitie”.
AZTIk 2003. urtetik garatzen du JUVENA kanpaina, eta hurrengo urteko antxoaren arrantza kudeaketaren mugak ezartzeko ondorioak ateratzea ahalbidetzen du, Bizkaiko golkoan bizi den antxoa gaztearen biomasaren neurketan oinarrituta.
Azterketaren hemeretzigarren edizioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren finantzaketarekin, eta Espainiako Ozeanografia Institutuaren (IEO) laguntzarekin, abuztutik irailera bitartean egin da, Emma Bardan eta Angeles Alvariño ontzi ozeanografikoetan. Ikerketak 37.500 itsas milia karratu estali ditu guztira.
Azterketaren esparruan, AZTIko ikertzaileek aldaketak hauteman dituzte antxoa gazteen banaketa geografikoan eta tamainan ere.
“Aurten jubenilek golkoko eremu handi bat estali zuten, Frantziako plataformaren iparralderaino iritsiz. Beharbada, planktonaren gainazaleko geruza baten presentziak eragin du banaketa espaziala. Euskal arrantzaleek zikina esaten diote horri, eta aurten salpa txikiek osatzen dutela identifikatu ahal izan dugu. Aurten zikinak Bizkaiko golko osoan zuen hedadura handia dela eta, antxoaren banaketari eragingo ziola uste dugu, izan ere, badirudi zikinaren eremuak modu aktiboan saihesten dituztela . Gainera, tamainan beheranzko joera ikusten da azken hamarkadan. 2004an 10,6 cm zen, 2010ean 8,3 cm, eta 2021ean, berriz, 5,3 cm-koa da batezbestekoa, eta iaz 6,1ekoa”, gaineratu du AZTIko adituak.
Neurketa ekosistemikoa
JUVENA kanpainak profil ekosistemikoa du. Antxoaren biomasaz eta pelagiko txikien gainerako espezieen komunitateaz gain, ikertzaileek beste aldagai batzuk neurtzen dituzte, hala nola testuinguru hidrografikoa (tenperatura, gazitasuna, etab.) edo planktona. Parametro horiei esker, ebaluazio holistikoa egin daiteke, eta Itsas Estrategiaren eta Arrantza Politika Erkidegoaren Esparru Zuzentaraua betetzen dela bermatu.
“Datu osagarri horiek aztertzeak antxoa gazteen biziraupenari eta ugalketari lotutako faktore erabakigarriak hobeto ulertzen laguntzen digu, eta, horrenbestez, espeziearen erreklutamendua eta arrantza kudeaketa jasangarria bermatzen laguntzen digu”, zehaztu du Boyrak.
JUVENA 2021 kanpainak, gainera, antxoaren harraparien (itsas hegaztiak, itsas ugaztunak eta espezie pelagiko handiak) banaketa eta ugaritasuna erregistratu duten behatzaileen programa bat izan du, baita giza jarduerena ere (hala nola itsas zaborrak edo ontzien presentzia).
Itsasoko zaborrei dagokienez, azken hiru urteetan ikusitakoen antzeko ugaritasuna hauteman zen. Zabor plastikoak izan ziren ohikoenak, Kantauriko uretan eta Frantziako plataforman aldizka ikusi zirenak (azken honetan aurkitu ziren agregazio handienak).
JUVENAren emaitzek aukera ematen dute arrantza agintariei gomendioak egiteko, kontuan hartuta AZTIko zientzialariek, IEOk, IFREMERek eta Europako Batzordeko STECF erakundeak antxoaren ustiapenari buruz gaur egun ematen dituzten erregulazioak.