Antxoa gazteen populazioak behera egin du Bizkaiko Golkoan, baina oraindik maila onean dago
Azken berriak
AZTIk lehen aldiz markatu du marrazo muturluze bat Bizkaiko golkoan, hura kontserbatzen lagunduko duen proiektu baten esparruan
AZTIk Ingurumenaren Iraunkortasunaren eta Defentsaren Saria jaso du Ramón Rubial XVII. Sarietan
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
- AZTIren JUVENA 2019 kanpainaren arabera, urtebete baino gutxiagoko 114.000 tona antxoa daude Bizkaiko golkoan
- Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Espainiako Ozeanografia Institutuak bultzatutako azterlanean lortutako datuek erakusten dute azken urteotako maximo historikoekiko jaitsiera erlatiboa izan dela
- Behera egin arren, populazioak maila onean jarraituko duela aurreikusten da; izan ere, ale horiei 2019an bizirik atera ziren helduak gehitu behar zaizkie (maximo historikoak izan zituen).
(Pasaia, 2019ko abenduaren 12a).- Une honetan Bizkaiko Golkoko uretan bizi diren urtebetetik beherako antxoen populazioa 114.000 tona ingurukoa da, batez besteko kopuru historikoa baino txikiagoa, baina JUVENA 2019 kanpaina zientifikoaren arabera, maila onean dago oraindik ere. JUVENA 2019, hain zuzen, AZTI zentro teknologikoak antxoa gazteen biomasaren urteko jarraipena egiteko gauzatu duen azterlana da.
“Lortutako kopurua JUVENAren batez besteko historikotik beherakoa da. Azterlana 80ko hamarkadan jarri zen martxan. Nahiz eta beherakada izan, antxoaren ugaritasun maila ona da oraindik ere, eta ez da arriskurik hauteman 2020ko arrantza kanpainarako; izan ere, gazteen zenbatespenei 2019an bizirik iraun zuten helduak gehitu behar zaizkie, eta orduan lortu zuen kopuruak maximo historikoa”, dio Guillermo Boyra ikerketaren arduradunak.
JUVENAren datuak lortzeko, AZTIko ikertzaileak “Emma Bardan” eta “Ramon Margalef” ontzi ozeanografikoetan ontziratu ziren irailean; bi horiek Arrantzako Idazkaritza Nagusiko eta Espainiako Ozeanografia Institutuko (IEO) ontzidietakoak dira, hurrenez hurren. Gerora, bildutako datuak aztertu eta estatistikoki landu ziren, kalkulua egiteko.
Azterlanak iraun bitartean, AZTIko adituek ultrasoinu sistemak erabili zituzten, antxoen oparotasuna hautemateko. Jasotako oihartzunen analisiari esker, antxoa gazteen biomasa ezarri ahal izan zen (114.000 tona ingurukoa), bai eta horien kokapena ere (plataforma kontinentalean eta ezpondan banatuta). Gainera, ibilbidean egindako harrapaketei esker, jakin ahal izan zen gazteen batez besteko tamaina 6,1 zentimetro ingurukoa dela.
“JUVENA 2019 kanpainaren zenbatespenen arabera, bilketa ertain-baxua izango da, baina horrek ez du esan nahi arrantza arriskuan egongo denik. Ikuspegi historiko batetik, 2014az gero egin diren bilketak oso handiak izan dira; guztiak batez bestekotik gorakoak. 2020ko arrantza kanpainarako espero den bilketa hamarkada honen hasieran eta 90eko hamarkadan izan zirenen parekoa izango da”,
gehitu du Boyrak.
Índice de contenidos
Kanpaina gakoa, espeziearen iraunkortasunari dagokionez
Antxoa eta antzeko pelagiko txikien populazioek bilketen eta biomasa mailaren urtetik urterako gorabehera oso handiak izaten dituzte. JUVENA kanpaina garrantzitsua da, aukera ematen duelako antxoa gazteen ugaritasun gorabeherak ebaluatzeko, eta, beraz, aldez aurretik ohartarazteko. Era horretan, antxoaren ustiapena behar bezala arautzen da, urtetik urtera duen oparotasuna kontuan hartuta.
“Udazkenean zenbat antxoa gazte dauden jakiteak aukera ematen du hurrengo udaberrian eta udan heldu izatera zenbat ale iritsiko diren aurreratzeko, aldi horretan gertatzen baita ugalketa eta egiten baita arrantza. Kudeaketa iraunkorra eginez baino ezin dira bermatu espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna. Sektorean 3.500 lagun baino gehiagok egiten dute lan, arrantza sektorearen eta kontserben eta elikaduraren industrien artean”, gehitu du AZTIko adituak.
Antxoaren ustiapen arauak AZTI, IEO, IFREMER eta Europako Batzordeko STECF erakunde aholkulariko zientzialariek landu zituzten joan den hamarkadan. 2005ean antxoaren populazioak eta arrantzalekuek beherakada izan zuten, eta horren ondorioz hartutako neurriak dira horiek.
Arauak antxoaren ugaritasunaren balizko beherakadetan ustiapena arautzeko diseinatuta daude, eta, horrela, arrantzalekuen iraunkortasuna bermatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta IEOk finantzatutako JUVENA kanpainak emandako datuei esker, arrantza agintariei gomendioak eman ahal zaizkie, eta, zifrek hala aholkatzen badute, arrantzalekua ireki edo itxi ahal izango da, eta hurrengo denboraldirako guztira onartuko den Urteko Harrapaketa Kopurua gomendatu.
Hurbilketa ekosistemikoa
Aitzitik, JUVENA kanpaina antxoa gazteen ugaritasuna eta Bizkaiko golkoan zehar nola banatzen den zehaztea baino haratago doa.
Azken urteotan, kanpainak ikuspegi ekosistemikoa txertatu du, zeinak antxoa gazteari ez ezik, pelagiko txikien komunitate osoari ere erreparatzen dion, horiekin partekatzen baitu ekosistema antxoa gazteak: esaterako, antxoa heldua, sardina, txitxarroa edo berdela.
Ingurumen faktoreak ere aztertzen dira, hala nola tenperatura, gazitasuna edo uhertasuna ur zutabean, eta kontuan hartzen da, halaber, elikagaiaren eskuragarritasuna, hainbat plankton motaren banaketa espaziala eta ugaritasuna aztertuta.
“Aintzat hartuta antxoa urtetik urtera asko aldatzen dela, eta ingurumen faktoreek nabarmen eragiten dietela antxoa gazteen biziraupen, hazkunde eta ugalketari, espero da JUVENAren ikuspegi ekosistemikoak aukera emango duela espezie honen biziraupenari eragiten dioten prozesuak hobeto ulertzeko”, amaitu du Boyrak.
Kate trofikoaren analisia osatzeko, AZTIko ikertzaileek Bizkaiko golkoko itsas harrapari handien banaketa espazialaren azterketa gehitu dute kanpainan. Horretarako, itsas hegazti eta ugaztunen banaketa eta kopurua aztertu dute, dauden espezieei buruzko informazioa jaso dute, eta bidean bistaratutako banakoen kopurua eta portaera analizatu dute.