• AZTI ikerketa zentroak, EIT Food europar partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak Food Fashion Festival ekimena sustatu dute, elikaduraren sektorean ikerketak eta berrikuntzak duten garrantziaren berri herritarrei emateko helburuarekin
  • Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa jaso du, eta bihar hasiko da, La Palma zapata dendaren eraikin zaharrean. Edonor joan daiteke eta doakoa izango da
  • Egitaraua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan, non etorkizuneko elikagaien inguruko esperientzia interaktiboak, tailerrak eta hitzaldiak dauden aurreikusita.

Bilbo, 2019ko urriaren 3a. Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? Zer rol jokatzen dute herritarrek elikadura berrikuntzan? Zer egin dezake zientziak elikadura seguruagoa, iraunkorragoa eta osasungarriagoa izan dadin?  Galdera horiei erantzuteko asmoz antolatu dute Food Fashion Festival egitasmoa, Bilbon, helburutzat hartuta herritarrei elikaduraren inguruko berrikuntzaren zapore guztiak ezagutaraztea.

AZTI ikerketa zentroak,  EIT Food Elikaduraren Berrikuntza eta Teknologiako Europako Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako jaialdi hau urriaren 4tik 6ra bitartean egingo da Bizkaiko hiriburuko La Palma eraikin enblematikoan. Ekimen honetarako irekiko ditu berriro ere ateak eraikinak (Posta kalea, 3, Zazpi Kaleak, Areatza parean).

Ekimenaren egitaraua ikusgai dago foodfashionfestival.azti.es webgunean. Sarrera librea eta doakoa izango da. Egitaraua prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur, eta honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako sailburuorde Bittor Orozek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok eta EIT Foodeko Europa hegoaldeko zuzendari Begoña Perez-Villarrealek.

Era berean, prentsaurrekoan izan da Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Otxandiano.

Zientzia aliatu ukaezina da elikadura segurtasuna, ekoizpen iraunkorra eta elikadura osasungarria bermatzeko. Eta horiek jardun ardatzak dira Eusko Jaurlaritzarentzat. Ekimenaren helburua da zientzia ezagutza gizarteari hurbiltzea, elikadura sistemaren eraldaketan duen garrantzia zabaltzea eta herritarrak elikaduraren etorkizuneko protagonista bihurtzea.

Testuinguru horretan, AZTIko zuzendariak zehaztu du jaialdiak “esperientzia estimulagarria, inspiratzailea eta erakargarria” izan nahi duela, “herritarrak ahalduntzeko, elikadura berrikuntzan eragile aktiboak izan daitezen”.

“Ausartagoak izan behar dugu, etorkizunari aurrera hartu, eta guztiok elkarrekin eraikuntzan aritu: zientzia, enpresa eta gizartea. Gure nahia da zientziaren eta berrikuntzaren bitartez elikadura sistema eraldatzea, eta planetarentzat iraunkorragoa eta pertsonentzat osasungarriagoa izango den eta enpresei negozio aukerak sortuko dizkien eredu baterako aurrerapausoak ematea”,


Rogelio Pozo, AZTIko zuzendaria.

Jaialdiaren baitan askotariko jarduerak egingo dira: jarduera esperimentalak, tailerrak zein hitzaldiak, guztiak ere pentsatuta herritarrak izan daitezen protagonistak, ezagut ditzaten joera berriak eta elikaduraren sektorean aplikatutako I+G emaitzekin esperimenta dezaten.

Jaialdiko jarduerekin paraleloan, San Mamesko iparraldeko aretoan egingo dira EIT Foodek antolatutako ekintzak, hilaren 3an eta 4an, nekazaritzako elikagaien arloko profesionalei zuzenduta, ikerketa, industria eta startupak ardatz hartuta.

“Hilaren 3an, 30 startup bilduko ditugu; hilaren 4an, berriz, 100etik gora profesional, berrikuntza eragile eta ikertzaile, nekazaritzako elikagaien arloko auzi garrantzitsuenei buruzkoak eztabaidatu eta partekatzeko. Era berean, enpresen eta sektorearen berrikuntzan parte hartzen duten beste eragile batzuen arteko lankidetza ere indartu nahiko genuke, ezinbestekoa baita Europan lehenetsitako erronkei erantzuteko; esaterako, elikadura aukera osasungarriagoak eta eskuragarriagoak sortzea, ekintzailetza sustatzea, eta kontsumitzailearen konfiantza handitzea”, nabarmendu du Begoña Perez-Villarrealek.

Erakunde sustatzaileez gainera, Food Fashion Festivalek beste erakunde batzuen lankidetza jasotzen du: Neiker, Elika, Hazi eta Eufic. Bai eta beste enpresa batzuena ere: Laboral Kutxa, La Salve, El Correo, Eroski, Iparvending, Acesur, Natural Machines eta AN Taldea.

Irteteko tiroa mugimendu globalarentzat

Food Fashion Festival ekimena Food4Future mugimenduaren gose-pizgarria baino ez da. Food4Future izenekoa ekimen globala da, eta hainbat ekintza biltzen ditu, herritarren, ikertzaileen eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko, elikaduraren paradigmaren eraldaketan parte hartzen duten eragile gakoak diren heinean.

Mugimendu honek berrikuntza arinagoa eta errentagarriagoa sustatzen du, elikadura sistemaren erronkekin zein enpresa eta gizartearen premiekin lotutakoa, zientzia oinarri hartuta. Bestalde, ezagutza partekatzeko, ideien trukerako eta irtenbideen elkarrekiko sorkuntzarako formula zein ingurune berriak aztertzen ditu.

Mugimendu hau bultzatzen duten balioak ekintza zehatz bihurtzeko, datorren urtean Food4Future World Summit egingo da Bilbao Exhibition Centerren (BEC). Ekimen honen helburua izango da elikaduraren etorkizuna bideratuko duten ildo nagusiak marrazteko erreferentziazko nazioarteko hitzordua izatea.

“Food4Future izango da berrikuntza, negozio sorkuntza eta elikaduraren sektorearen baitan gizartearentzako irtenbideak sustatuko dituzten pertsona guztien topagunea”,


azaldu du Pozok.

Ekimena Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020ko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren esparruan garatuko da, RIS3 Euskadi Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren baitan.

Azken berriak