Beste bultzada bat atungorria lehengoratzeko
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- AZTI ikerketa zentroak BFT Index kanpaina hasi du, Bizkaiko golkoan atungorriaren ugaritasunaren adierazle bat lortzeko.
- Ikertzaileek prospekzio akustiko aktiboan oinarritutako zunda zientifikoak baliatu dituzte, eta, horiei esker, orain arteko daturik fidagarrienak eta zehatzenak lortu ahal izango dira.
- Espeziea lehengoratzeko prozesuan hobekuntza nabarmena sumatu bada ere, erakundeek neurriak hartzen jarraitzen dute, kudeaketa jasangarria bermatzeko.
Pasaian, 2020ko ekainaren 16ean. – Atungorriak gehiegizko ustiapena izan zuen 1990. eta 2008. urte artean. Hala, espeziearen etorkizuna jokoan zegoela ikusita, erakundeak lanean hasi ziren. Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) lehengoratze plan bat jarri zuen abian 2008an. Planak oso emaitza onak lortu izan ditu orain arte, eta halaxe jarraitzen du.
Atungorria modu jasangarrian kudeatzeko ahaleginek, baina, ez dute etenik izan, eta AZTI ikerketa zentroak BFT Index kanpainaren bosgarren edizioa hasi berri du. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak sustatutako ekimena da. Aurten, Bizkaiko golkoan, Tuku Tuku (Hondarribia) itsasontzian egingo da. Kanpainaren helburua da atungorriaren ugaritasun indizea lortzea, tresna akustikoetan oinarritutako tekniken bitartez.
Atungorriaren stockaren ebaluazioa, orain arte, arrantzalekuen ahalegin unitateko harrapaketa datuetan oinarritzen zen. Horrenbestez, atunaren elikadura jardueraren araberako datu partzialak jasotzen ziren, eta horren menpekoa da beita bidezko arrantza tresna bidez harrapatzeko aukera. Stockaren ebaluazioak ezinbestean eskatzen du elikadura eremuetan atungorriaren ugaritasunaren datu ez-partzialak ispilatuko dituzten adierazleak edukitzea.
Horrenbestez, BFT Index kanpainako ikertzaileek atungorriaren biomasa adierazlea (bereziki gaztea) lortzeko erabili duten metodoa tresna akustikoetan oinarritutakoa izan da. Tresna horiek prospekzio aktiboa egiten dute, bai eta neurrien laginketa ere. Horrenbestez, ikerketa honetan lortutako adierazlea stockaren ebaluaziorako erabili ahal izango da, eta, pixkanaka, gazteen ugaritasun indizea osatuz eta ordezkatuz joango da, Bizkaiko golkoan esfortzu unitatearen araberako harrapaketa datuetan oinarrituta.
Kanpainako teknika horiek arrakastaz erabiltzen ari dira 2003az geroztik, antxoa gaztearen biomasa kalkulatzeko, eta 2015ean hasi ziren erabiltzen atungorrirako. Hala, 2015ean martxan jarritako BFT Index kanpainaren bitartez, adierazle ez-partziala eskuratu ahal izango da, Ekialdeko Atlantikoko eta Mediterraneoko atungorriaren stockaren ebaluazioa egiteko. Proiektu honen helburua da atungorriaren stockaren ebaluazioan aurrerapauso bat ematea. Horretarako, tresna berri bat eta arrantzalekukoak ez beste informazio batzuk txertatu dituzte AZTIko ikertzaileek, kudeatzaileei lagungarriak izan dakizkien erabakiak hartzeko
Arrantzalekuen kudeaketa hobearen bila
Kanpainan grabatutako datuak aztertu ondoren, eremuko atungorri gazteen banaketaren eta ugaritasunaren lehenengo indizea lortuko dira. Adierazle horri esker, epe ertainean, arrantzalekuarekiko independentea den tresna bat izango dira eskura, eta Bizkaiko golkoko atungorriaren ugaritasunean izango diren aldakuntzak aurreikusi ahal izango dira; tresna hori, gainera, ICCATen erabiltzen den baliabidea ebaluatzeko erabili ahal izango da.
Espeziea pixkanaka lehengoratzen joatetik harago, beharrezkoa da arrantzalekuen kudeaketa hobea; beraz, ICCATek ‒alegia, ozeano Atlantikoko eta alboko itsasoetako tunidoen eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen den gobernuarteko arrantza erakundeak‒ hainbat urtetarako kudeaketa plan bat onartu zuen 2018an.
Plan horretan jasotako hobekuntzen artean, nabarmentzekoak dira harrapaketa sasoien malgutzea eta urteko arrantza planetan artisau ontziak txertatzeari jarritako mugak desagerraraztea.