• AZTI zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Klusterrak Euskadiko Elikadura Berrikuntzako Sarien bigarren edizioa deitu dute, elikaduraren balio katearen euskal enpresek egiten duten lana eta ahalegina aitortzeko
  • Errekonozimenduak hiru kategoria hartzen ditu, teknologia, enpresa eta merkatuaren inguruan, eta izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik

Derio, 2019ko uztailaren 1a. –. Elikadura sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, AZTI ikerketa zentroak eta Euskadiko Elikaduraren Klusterrak Euskadiko Elikadura Berrikuntzako Sarien bigarren edizioa abiarazi dute (BTEM), eta hautagaitzak aurkezteko epea gaur hasiko da.

Aitortzaren xedea da elikaduraren sektorearen balioa agerian jartzea, eta, bere eragileen bitartez, erreferente moduan posizionatzea, enpresen praktika onak hedatu eta sustatzeaz eta saritutako enpresen ospea zabaltzeaz gain.

“Berrikuntzaren kultura garatu nahi dugu Euskadiko elikaduraren balio kateko enpresen artean, baina baita ere enpresen bikaintasuna sustatu sektore horretan, lehiakortasunerako eragile izan dadin”,


adierazi du AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok.

Gainera, sarien bitartez “lortu nahi dugu elikaduraren sektorearen balioa agerian jartzea, eta, bere eragileen bitartez, erreferente moduan posizionatzea, enpresen praktika onak hedatuz eta sustatuz, eragile izan daitezen”, zehaztu du Euskadiko Elikaduraren Klusterreko gerente Jon Ander Egañak.

Sarietan parte hartzeko hautagaitzek datorren irailaren 30era arte eman ahal izango dute izena, info@btem.eus helbidera idatzita. Deialdiaren oinarriak, berriz, hemen kontsulta daitezke btem.eus.

Hiru kategoria: teknologia, enpresa eta merkatua

Sariketa bi urtean behin deitzen da, eta, 2017ko lehen edizioan Euskadiko Elikadura Berrikuntzako sarien izenarekin deitu bazen ere, orain BTEM du izena, hau da, Berrikuntza, Teknologia, Enpresa eta Merkatuaren siglak, azken hiru horiek izanik saritzeko kontuan hartzen diren arloak.

Berrikuntza Teknologikoaren kategoriak produktu, ontzi edo teknologia berri bat garatu eta merkatuan sartu duten enpresak sarituko ditu, edo horietakoren bat arrakastaz hobetu dutenak, negozioaren garapenari lehiakortasunerako abantaila ekarri badie.

Enpresa Berrikuntzaren kategoriari dagokionez, berriz, negozioaren prozesuen edo ereduen aldaketak aitortuko ditu. Sariketaren sustatzaileek diotenez, kontuan izango dira alor hauekin lotura duten alderdiak: berriak diren edo hobekuntza nabarmena dakarten ekoizpen, logistika eta banaketa prozesuen ezarpena edo produktu edo zerbitzuei laguntzeko jarduerak.

Azkenik, BTEM sariek, Merkatuaren Berrikuntzaren kategorian, hobekuntza nabarmena dakarten estrategia edo kontzeptu komertzial berriak sarituko ditu. Horrenbestez, bereziki balioetsiko dira nazioartera hedatzeko merkatu estrategiak eta kanal berriak jorratzen dituztenak, esaterako, digitala.

Aurkezten diren hautagaitzak epaimahaiak aztertuko ditu, eta horren osaketan egongo dira AZTIko lehendakari Bittor Oroz, sarien aurreko edizioko enpresa irabazleen ordezkariak, eta sektorearen berrikuntzan ospe aitortua duten hiru aditu independente. Epaiaren ebazpena urriaren amaieran jakinaraziko da.

Enpresen arteko lankidetza

AZTIk, itsaso-arrantza eta elikaduraren sektoreari balioa eta ezagutza emateko xedearekin, konponbide berritzaileak eskaintzen dizkio elikaduraren industriari produktu berriak edo hobetuak garatzeko, elikagaien kalitateari, segurtasunari eta nortasunari lehentasuna emanez eta ingurumena zainduz, betiere bezeroa ardatz nagusi dela.

Ildo horretan, Pozok adierazi duenez, “ezinbestekoa da berrikuntzaren kultura sustatzea eta garatzea sektoreko enpresen artean, enpresariek inguruan dituzten tresnei ahalik eta etekin handiena atera diezaieten”.

Elikaduraren Klusterraren iritziz, enpresen arteko lankidetza ere ezinbestekoa da, eta, horregatik, arreta berezia jarriko zaie hainbat firma edo erakunderen arteko elkarlanetik sortu diren proiektuei. Halaber, kontuan hartuko da aurkeztutako berrikuntzek enpresako negozioen garapenean izan duten eragina, betiere frogatua.

“Kontuan hartuko dira kalitatea, fidagarritasuna, bizkortasuna, malgutasuna eta errentagarritasuna. Horrez gain, estrategiak prestatzearen inguruan garatu behar diren lehiakortasun ahalmenak ere garrantzitsuak izango dira, gai hauei buruzko metodo eta eredu berriak ezartzeko: berrikuntza, etengabeko hobekuntzak, prozedurak, antolakuntza eta baliabide fisikoak eta finantzarioak” amaitu du Egañak.

Sariak datorren azaroaren 21ean banatuko dira, EHU/UPVren Bizkaia Aretoan egingo den gala batean, Bilbon, eta, antolatzaileek diotenez, asmoa da ekitaldia sektorearen topagune bihurtzea, Euskadiko elikaduraren balio katea osatzen duten eragileak elkartu ahal izateko.

Euskadiko Elikaduraren Klusterra

Euskadiko Elikaduraren Klusterrak Euskal autonomia Erkidegoko (EAE) elikadura sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde egiten du lan, eta, bere helburu estrategikoetako bat da laguntzea elikaduraren sektoreko euskal enpresei, balio handiko proiektu partekatuen garapena sustatuz merkatu garapenari, berrikuntza teknologikoari eta berrikuntza ez-teknologikoari dagokienez.

AZTIri buruz

AZTI ikerketa zentroa espezialista da elikagaien eta itsaso-arrantzaren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.

AZTIren helburua Zientzia Garapen Jasangarri eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.

Azken berriak